Agustin Gomez de Segura Pagola (Errenteria, 1922ko azaroaren 18a). Gerrako haurra eta, batez ere, “Vasco de Leyenda”; ez da guk jarritako ezizena, baizik eta Moskun, Sobietar Batasuneko hiriburuan, zelaitik kanpo eta joko eremuan irabazitakoa.
1937ko ekainaren 13an Agustin, beste 4.500 gerrako haurrekin batera, Santurtziko portutik atera ziren “Habana” bapore-ontzian. Lehen geldialdia Bordeleko portuan egin zuten, eta handik 1495 haur Leningradoruntz (gaur egungo San Petesburgo) abiatu ziren ekainaren 19an –Bilbo frankisten eskuetan erori zenean – beste bapore-ontzi batean , “Sontay” izenekoan hain zuzen ere; azken horietatik 122 haur Donostia ingurukoak ziren eta haien artean zegoen Agustin Gomez de Segura, gure gaurko protagonista.
Beste kide batzuekin batera Pushkin herrira eraman zituzten eta han ikasi eta garatu zuen futbolerako gaitasuna Agustinek; ondoren, bertako taldeetan jokatu zuen, Krásnaya Roza eta Krylia Soviétov izeneko taldeetan. Berehala bere bizitzan garrantzitsuena izan zen taldean jokatzen hasi zen, “Torpedo de Moscú” delakoan; bertan, 185 partido jokatzeaz gain, kapitaina izan zen, are gehiago, futbol sobietarreko sari garrantzitsuena izan zuen: “Futboleko Maisu Emeritu” izendatu zuten.
Horrez gain, 1952ko Helsinkiko Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukeratua izan zen, eta jokatu ez zuen arren, lagunarteko partidu bat jokatu zuen Kubalako Hungria taldearen aurka; horrela, kamiseta gorriarekin jokatu zuen lehen jokalari EZ sobietarra izan zen.
Madril-Mosku akordioen eta Stalinen heriotzaren ondoren, Estatu Espainiarrera itzuli zen bere emazte eta bi seme-alabekin, beste 137 gerrako haurrekin batera Crimeako bukean. Horrela, Balentziara iritsi zen 34 urterekin eta futbolean jokatzeko asmoarekin … Ordea, bere ideia eta militantzia komunistari uko ez egiteagatik, haren ametsari egin behar izan zion uko, Real Madrid taldeak ateak itxi baitzizkion. Urte batzuk beranduago, Atletico de Madrid taldean proba bat egin eta lagunarteko partidu bat jokatu zuen Dusseldorfeko Fortuna taldearen aurka. Baina Agustinek “koltxonero”en jazarpena besterik ez zuen jaso eta beraz, ez zuten hartu; gainera, atxilotu eta Madrilera eraman zuten, non galdeketa egin zioten. Hori dela eta, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, eta Donostian bizi izan zen.
Politikan murgildu eta Euskadiko Partido Komunista eraikitzen lan egin zuen. Aldi berean, Tolosa F.C. taldean lan eskaintza bat egin zioten entrenatzeko, non Periko Alonsoren agintepean egon zen; hara mugitu zen bizitzera. Real Unionekin ere egin zuen lan eta gauzak ongi zebiltzala zirudienean berriro atxilotu zuen poliziak (atxilotu zutenen artean zegoen Meliton Manzanas inspektorea) eta torturatua izan zen. Ondoren, Carabanchelera eraman zuten. Gobernu sobietarrak kexak aurkeztu eta askatu egin zuten; orduan, Iparraldera joan zen errefuxatua eta handik Venezuelara joan zen.
Dolores Ibarruriren “La Pasionaria” gertukoa eta Carrilloren etsaia PCErik bota zuten 1969ko maiatzean, Carrillok berak aginduta.
1970eko hamarkada hasieran Sobietar Batasunera itzuli zen eta borrokan jarraitu zuen. Franco hil baino 4 egun lehenago hiriburu sobietarrean hil zen, Doskoy-ko hilerri ortodoxoan lurperatu zuten.
Agustin Gomez de Segura Pagola, Oreretarra, ezker lateral bikaina, borrokalari antifrankista eta batez ere, “Vasco de Leyenda”.
“Torpedo de Mosku”k oraindik heroi moduan gogoratzen du euskaldun hura…Badirudi
Bidaia berean Laura Irasuegi ezagutu zuela, eibartarra zan arren, Leningradotik bueltan Alabergara (Orereta) etorri zen haren heriotzera arte… Bide-ingeniari honek ere badu historia interesgarria, beste kapitulu batean kontatuko dugu…

(



