10. Eguna Konfinamentuan. Auzoetako Egora. (Fanderia-Agustinak)

Goizaren erdialdean Fanderian zehar ibili gara. Auzo honetan bi eraikin ilara daude, eta guztira 1.600 bizilagun bizi dira. Errota zaharraren  inguruan daude denda gehienak eta irekita honakoak daude: bi okindegi, harategi bat, fruta-denda bat eta paper-denda bat.
Okindegietako bateko langileek azaldu digute bi aste hauetan salmentak nabarmen jaitsi direla, eta hori dela eta ordutegia murriztu behar izan dutela. Fruta-dendakoak antzekoa adierazi digu, hau da: badirudi jendea beldurtzen ari dela, eta agintariek esandakoari gero eta kasu gehiago egiten ari dela, zeren, bezeroak badituzten arren, osasun krisia hasi aurretik zituztenak baino gutxiago dira… Jose Mari harategikoek berriz, nahikoa lan izaten ari direla esan digu, nahiz eta ordutegia murriztu duten arratsaldetan. Liburu dendakoek pasa den astea ona izan zela esan digute, hala ere, aste honetan bezeroek etxean geratuko direla esan omen diete.
Bizilagunei dagokienez, batzuek etxea margotzeko aprobetxatu dutela dirudi eta beste batzuek lanetan dihardute oraindik. Laburbilduz, auzoan ez da ia mugimendurik ikusten; izan ere, haurren parketan ibiltzea debekatuta dago, eta jendea beharrezko erosketak egitera besterik ez da jaisten. Hala ere, Matxaineko biribilgunetik Lartzabalerako bidean, jende gehiago dabil, bai txakurra paseatzen, baita erdiguneko merkatalgunetik bueltan ere.

Agustinas auzoa handiagoa den arren, oso jende gutxi zegoen, eta zegoen hori, Markola Etorbidean ikusi dugu, hor baitago auzoko komertzio gehien; dena den, Elias Salaberria kaleko jaki-dendan bezero andana zegoen ilara egiten… Markola Etorbidera itzulita, estankoa eta farmazia zeuden irekita, baina hutsik; Uriña harategian berriz, 6 pertsona soilik baziren ere, bazegoen mugimendu apur bat…. Obra bat eta fatxada bat ere ikusi ditugu, eskolaren ondoan… Erramun Astibia inguruan, konfinamendua hasi zenetik, gaueko 20:00etan, txaloak jo ondoren, 20 bat minutuz musika egoten da balkoi batean, eta bizilagun guztiek ederki eskertzen dute!

Publicado por Pelukas

Fotoperiodista. Contador de historias de la calle. Feliz y con una camara de fotos en la mano... para que mas...

Deja un comentario

Diseña un sitio como este con WordPress.com
Comenzar