Goizeko 10:00ak, Iztieta-Ondartxo auzoan; goiza aurrera joan ahala, mugimendua handituz joan da… 3.392 bizilagunek osatzen dute auzoa, hala ere, ez da jende asko ikusten kalean, soilik ogia besapean daraman jende heldua, edo besterik gabe plastikozko poltsa huts bat daramana. Ondartxon, Mataderoaren inguruan, egurrezko zubira pasatzeko debekua erakusten duen zinta bat dago, izan ere, eta udaltzaingoek esan digutenez, jendea zebilen Campsako bidegorrian zehar, anbulategiko zubirainoko paseoak ematen, eta ixtea erabaki dute; oraingoz, itxiera errespetatzen ari omen da.
Auzoko eremu zaharrena den horretan, jakien denda huts bat besterik ez dugu ikusi…
Iztietara jarraituz, Nafarroa Etorbidean ikusi dugu jende gehien, bertan baitago Adarra jaki-denda; bi pertsona zeuden barruan, eta ilara kanpoan, zeina goiza aurrera doan heinean handitzen doan…
Auzoko eremu nagusia, Donostia kalea hain zuzen ere, ia hutsik dago; estankoak ere ez du inolako ilararik. Magdalena gozotegikoak azaldu digu gaurko goiza oso lasaia izaten ari dela. Horren ondoan, kalean bizi direnak ikusi ditugu, Elizako aterpetan kanpalekua dutenak; horiek konfinamentu honetan udal aterpetxera joateko gonbita ukatu dutela dirudi.
Donostia kaleko farmaziara begiratuta, Babes Zibileko bi boluntario ikusi ditugu, eta kontatu digute, pasa den asteazkenetik, etxeetara egiten dituzten bisitak direla eta, lana areagotu zaiela; gainera, azaldu digute zortzi boluntario direla eta 4 autorekin egiten dutela lan. Azpimarratu nahi izan dute arratsaldeko 20:00etan protesta egitera hurbilduko direla Matxaineko biribilgunera, Gurutzetako Ospitalera txalotzera hurbildu ziren eta zigortu nahi dituzten horiek babesteko asmoz.
Anbulategian lasaitasuna da nagusi eta eguneroko lanak artatzen jarraitzen dute; hori bai, kontsultak telefonoz egiten saiatzen dira. Eta noski, langile guztiak daude beren osotasunean lanean, edozein motatako intzidentziak artatzeko zain…
Oiartzun kalean dagoen BMn 12 bat pertsona daude ilaran, eta arin dabil…
Laburpena, atzokoaren antzekoa da. Jende heldua nagusi, eta goiza aurrera joan ahala, txakurra paseatzen dabilen jendea bidegorrian. Jende gehiena jaki-dendetan ikusten da, bai Adarran eta baita BMn ere. Kioskoan bezero baten bat badabil eta baita solasean dabilen taldetxo bat ere, arazoa beraiena ez balitz bezala jokatzen duena…
Bihar Agustinetan egongo gara.


















